Blog

Liburu batean bildu dira Goierri Eskolaren berrogeita hamar urteak

 

'Eskualde bat elkarlanean/ Juntos por una comarca. Goierri Eskola 1963-2013' liburua aurkeztu zen atzo Goierri Eskolan

 

 

 

Eskolaren 50. urteurrena dela eta, eskolaren ibilbidea eta historia liburu batean bildu dituzte Joseba Imaz kazetariak eta Mikel Urteaga soziologoak. Hainbat ahots eta pasadizo bildu dituzte, Goierriko memoria kolektiboan gelditu dadin gertaera historiko hau.

 

Liburuaren egileekin batera jardun zuten aurkezpenean Goierri Eskolako zuzendari Iñaki Zabalok, 70eko hamarraldian Ordiziako Guraso Elkartearen lehendakari izan zen Miguel Calvillok eta emakumezkoen lehenengo promozioko ikasle izandako Inma Lasak.

 

 

 

 

 

Garrantzi handiko bost hamarraldi

 

1963ko azaroan inauguratu ziren Goierri Eskolako instalazioak. 98 ikaslek eman zuten izena urte hartan. CAFen Aprendizen Eskolak eskola berriari eman behar izan zizkion Hezkuntza ministerioaren diru laguntzak jaso ahal izateko eskubideak, eta horrela zabaldu ziren eskualde horretako garapenean funtsezkoa izan den eskolaren ateak. Eskualdeko enpresen premiei erantzuteko helburuarekin sortu zen proiektua, herritik eta herriarekin eta lankidetza publiko-pribatuaren ondorioz. Horixe azpimarratu zuen argitalpenaren egile Joseba Imazek. «Eskualdea eskolarekin batera sendotu da. Eskolaren sortzaileek argi zuten Goierri eskualdearen eta goierritarren garapena hobetzea zela zentroaren helburua, eta hori konstante bat izan da eskolaren ibilbidean zehar».

 

Gogora ekarri zuen, halaber, Goierri Eskola aitzindaria izan dela bere eskaintza emakumeei zabaltzeari dagokionez, eta baita euskara eskoletara eramateari dagokionez ere. «1965ean argi ikusi zuten -azaldu zuen Imazek- emakumezko gazteei ere eskaini behar zitzaiela prestakuntza teknikoa, eta ez bakarrik gizonezkoei». Emakumeentzako lehenengo promozio hartan eman zuen izena, hain zuzen ere, Inma Lasak. Delineatzaile ikasketak egin zituen. «Emakumeontzat oso handia izan zen aukera berri hura. Gainera, ez geunden ohituta eskolan mutilekin batera egotera». 35 emakumezko ziren guztira eskolan. CAFentzat lanean bukatu zuten haietako gehienek.

 

Eta euskarari dagokionez, 1969. urtean egin zituzten lehenengo saioak. Edonola ere, «Historiaren berri emateaz gainera, istorioak ere kontatu nahi izan ditugu» esan zuen Mikel Urtegak. «Ez genuen azterketa historiko bat nahi, baizik eta bizi izandakoaren eta gertatutakoaren kronika bat».

 

Artxiboetan hainbat orduz jardun ondoren, lan bikain hau osatu ahal izan dute.

 

 

 

 
 

Jarrai gaitzazu saretan

Sareetan gurekin harremanetan ipini...

Harremana

Edozertarako gurekin harremanetan ipini.

 
Email: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko." target="_blank" title=" E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko."> E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.
Website: www.helduakadi.org
Zu hemen zaude: Hasiera Blog Liburu batean bildu dira Goierri Eskolaren berrogeita hamar urteak